XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikusiko degu.

ANDRE-SALTO Neretzat arrigarri izan da beti, Andre-salto deritzan jolas bat ume-jolasetan arkitzea; umeak egiten duten jolas-jostaketa bat, ain arrunt eta xinplea, gaur umeak berak ere, ia aaztu bait dute; bañan bere izen jatorra ori bait du, Andre-salto.

Eta izen orrek agertzen digu, arestian esan deguna: ez dala umeentzat sortutako jostaketa, Andreak berentzako sortua baizik.

Ez dezagun aaztu, ordea, Andre itz orrek bere jatorriz esan nai duana: gaur edozein emakumerentzat esan oi dan arren, jatorriz, Andreak, ez edozein emakume, Señora baizik esan nai duala ¡Sí Señora esateko, Bai, Andrea esaten bait da, Sí Señor esateko, Bai, Jauna esaten dan bezela; eta, neurri ortan, Etxeko Andrea, Etxeko Jaunaren pareko da.

Andrea, emakumeen malladian mallarik gorenean dagon itza da; mallarik, kategoriarik gorenean.

Eta, ala ere, Andre-saltua gure artean jolasik xume ta arruntena izan dabere egiteko moduan malezi-apurren bat leen izan zezakean arren, gero-ta salto goragokoa egin bearrekoa bait zan, gonak apur bat jaso bearrekoa, alegia; nolanai-dala, jolas xume, arrunta, bañan gure erririk gorengoenetan iñoiz, Igande-arratsaldeetan poz batean egingo zana....

Zuetako batek baño geiagok ikusiko zenduten, nexka koxkorrak nola egiten duten oraindik ere, beren jolas ori beren jolas-lekuetan.

Bi nexka kantuz suertea botata, pago gelditzen diranak exertzen dira lurrean, aurrez-aurre, bi oñak elkarren kontra dituztela; eta gañerakoak, illaran, saltoan pasatzen dira alde batetik bestera, exeritakoen oñak ikutu gabe; ikutzen duana, pago gelditzen bait da.

Zer esanik ez, nolako farrak egingo dituzten danok salto aietan.